Klima aldaketaren ukapena

Klima-aldaketa antropogenikoaren ukapena klima-aldaketari buruzko kontsentsu zientifikoaren aurka doan justifikaziorik gabeko zalantza edo ukapena da. Gizakiek klima-aldaketan duten eragina eta naturan eta gizartean dituen ondorioak zalantzan jartzen dituzte eta gizakiek berotze globalera egokitzeko duten potentziala azpimarratzen dute. Berotze global antropogenikoari buruzko adostasun zientifikoa arrazoirik gabe ukatzen, baztertzen edo zalantzan jartzen duten askok "aldaketa klimatikoaren eszeptikoak" deitzen diote beren buruari, eta hori, zenbait zientzialarik adierazi dutenez, deskribapen okerra da. Klima-aldaketaren ukatzea inplizitua izan daiteke, halaber, gizabanakoek edo gizarte-taldeek zientzia onartzen dutenean, baina guztiz onartzera edo ekintzetara itzultzera iristen ez direnean. Gizarte zientzietako zenbait ikerketak jarrera horiek negazionismo, sasizientzia edo propaganda gisa aztertu dituzte.

Jendeak klimaren zientzian duen konfiantza ahultzeko kanpaina hau "ukazio-makina" gisa deskribatu da. Interes industrialen, politikoen eta ideologikoen arabera antolatutako, eta komunikabide kontserbadoreek eta blogari eszeptikoek lagundutako, berotze globalaren inguruan ziurgabetasuna sortzeko eta zientziarengan dagoen konfiantza ahultzeko kanpaina da.

Berotze globalaren politikan eragin handia izan dute klima-aldaketaren negazionismoak eta berotze globalari buruzko eztabaida politikoak, izan ere, hauen erruz ahuldu egiten dira klima-aldaketaren gainean jarduteko edo horretara egokitzeko ahaleginak. Negazionismoa sustatzen dutenek taktika erretorikoez baliatzen dira eztabaida zientifiko baten itxura emateko, baina, beraien diskurtso eta zalantzaren atzean ez dago ebidentzia zientifikorik.

Jendeak klimaren zientzian duen konfiantza ahultzeko antolatutako kanpaina politika ekonomiko kontserbadoreekin eta CO2 isurien erregulazioaren aurka dauden interes industrialak babesten dituzten pertsona eta enpresekin dago lotuta. Askotan Estatu Batuetan aldaketa klimatikoaren negazionismoa erregai fosilen lobby-arekin, Koch anaiekin, industriaren defendatzaileekin eta think tank kontserbadoreekin lotu izan da. Klima-aldaketari buruzko dokumentu negazionisten % 90 baino gehiago eskuineko think tanks-en eskutik datoz.

Mugimendu honen atzean industriaren eta enpresen interesak aurkitzen ditugu, esan bezala, kanpaina hau interes ekonomiko eta politikoekin guztiz lotuta dago. Honen adibide da Petrolio-konpainiek klima-aldaketa ukatzeko antolatu zuten kanpaina, hainbat hamarkadatan zehar desinformazioa zalbalduz. Estrategia hori tabako-industriak tabakoa erretzeko arriskuak modu antolatuan ukatu izanarekin alderatu da, eta, askotan, pertsona berberek gauzatu zutela esaten da.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search